XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1926 urtean aurkeztu zen estrainekoz Arte Ederren Erakusketa Nazionalera, bi obrarekin aurkeztu ere: El Aitona Maritxu eta De vuelta de la pesca. El Regreso, pintorearen bi obrarik onenetakoak, lehendabizikoa gaur egun Donostiako San Telmo Udal-Museoan onartua izan zelarik, bigarrena, aldiz, ezin ulertuzko eran, arbuiatua zen bitartean, bazterketa honek artistarengan nahigabe handia sortuz.

Koadro honek berak, bederatzi urte beranduago Donostiako Turismo Ekintzetxean erakutsi zuenean, Ignacio Zuloagaren goraipamenak jaso zituen, baita Gipuzkoako Foru-Aldundi Txit Gorenak erosi ere 21.- Bienabe kexatu egin zen Ignacio Zuloagaren aurrean, Koadro hau onartu ez ziotelako Madrilgo Nazionalean, baita Zumaiako maisuak animatu ere esanaz berari berdin gertatua zitzaiola beste obra batekin, gerora Bruselako museo batek erosiko zion batekin hain zuzen. Bienabe Artiaren dokumentuen artean, On José de Artecheren gutun bat aurkitu dut, 1950eko Abenduaren 16an datatua zeinean Gipuzkoako Aldundiko artxibari eta bibliotekariak aditzera ematen bait dio pintoreari azaldu dela koadro hau ordura arte desagertua jauregi probintzialeko ganbaran. Gutunaren barrenaldera Bienabek zera idatzi zuen gerora: Koadro horrek badu beste ohore bat, lehenago Nazionalean arbuiatua izan izanarena: Bunker Epaimahaia. Ironia honekin mendekatzen zen artista bere obrarik kutunetariko bati egindako bidegabekeriaren oinazeaz.

Iharduera lehiatsuzko hamarkada honetan zehar 24 erakusketatan hartzen du parte, Madrid eta Parisera bidaia ugari eginez, Irun eta Hondarribia bitartean lanean buru-belarri, gehi natura zabalera egindako hamaika irtenaldi bertan bere pintzelak errealitatearen oharkizun zuzenean trebatzera, Bienabek ez du inoiz ahaztuko, halere, tarteka Bidasoako Berara joatea, han Ricardo Barojari beronen oinetxean bisita egitera.

Bien artean adinez 18 urteko aldea egon arren adiskidetasun nabaria dago, eta Ricardok beti ere egin omen zion txeraz eta arraitasunez beteriko abegia 22.- SEISDEDOS, J.L. Op. Cit..

Barojak, are, munduari belauntzi batez itzulingurua ematera joateko proposamena luzatu omen zion, aspalditxotik zeukan asmoa berau, abentura hura hurbiletik sentitu nahi omen zuen-eta hartara bere La Nao Capitana elaberria idazteko bere burua girotzearren.

Bienabek, noski, ezetza eman zion, erantzun hau txantxetakoa ez izan arren, zeren Ricardok ordurako egina bait zuen itsasontziaren maketa eta belatarako metro oihal asko erosiak ere bai.

Zalantzarik gabe, humanista haren polifazetismoak eta umore-senak sakonki hunkitu izan zuten Bienabe, eta honen agergarri hor ditugu haren bizitzaren azken egunetan gure margolariak bere adiskideari egin zizkion erretratu maitekorrak.

Gerra baino lehentxeagoko urteetan, 1930etik aurrera, Parisera doa berriro Bienabe.

Lehenik egonaldi labur bat, zeinean dirudienez bere obra piktorikoaren erakusketa egitera ere iritsi bait zen.

Ondoren Iruna itzultzen da eta, azkeneko aldiz, aurkezten da Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketara.

Hiru urte beranduago, bere lagun Joaquín Peinado-k Turismo Espainiarreko Patronatuan erakusketa egiteko eskaintzen dion aukerak erakarririk, Senaren hirira itzultzen da.

Uztailera arte atzeratu beharko da, ordea, erakusketa, aduanako eragozpenek uste baino nekezago helarazten bait dituzte berauen helmugara arte-obrak.

Paris ia-ia hutsik dago Patronatuan erakusketa inauguratzen den urte-sasoi hartan, baina halabeharrari esker bertara azaltzen da ABCko korrespontsala, Mariano Daranas, zeinak ekitaldiaren kronika bat idazten bait du bere egunkariarentzat, baita beronen kariaz Bienaberen erakusketak Espainian Frantzian baino oihartzun handiagoa lortzen ere.

Bi urte geroago, koadro berberak Donostiako Turismo Ekintzetxean erakusten direnean, Gipuzkoako Diputazio Probintzialak El Regreso deritzan oihala erosten dio, gertakari hau dela eta bere lagunek Hondarribiko Mouriscot Hotelean gorazarre egiten diotelarik.